Hezkuntza Irekiaren aldeko Lurmutur Hiriko Aitorpena:
Hezkuntza Baliabide Irekien promesa zabalduz
Hezkuntzan eta ikaskuntzan mundu mailako iraultzaren goiko mailan gaude. Mundu osoko hezitzaileak Interneten hezkuntzako baliabideen corpus zabala lantzen ari dira, irekia eta askea, guztiek erabil dezaten. Pertsona bakoitzak giza ezagutzaren osotasunera sarbidea izan eta lagundu ahal izango duen mundua eratzen ari dira hezitzaile horiek. Pedagogia berri baten haziak ere landatu dituzte; pedagogia berri horretan, hezitzaileek eta ikasleek elkarrekin ezagutza landu eta garatuko dute, prozesuan beren gaitasunak eta ulermena sakonduz.
Sortzen ari den hezkuntza arloko mugimendu horrek kide hezitzaileekin ideia onak partekatzeko ezarritako tradizioa eta Interneteko elkarlanaren kultura interaktiboa konbinatzen ditu. Hezkuntzako baliabideak mugarik gabe erabili, beharren arabera egokitu, hobetu eta berriz banatzeko askatasuna behar lukeen sinesmena oinarri hartuta eratuta dago. Sinesmen hori partekatzen duten hezitzaile, ikasle eta beste batzuk biltzen ari dira, hezkuntzaren sarbidea errazteko eta eragingarriago bihurtzeko mundu osoan egiten ari diren ahalegin horren baitan.
Ahalegin horrentzat lur emankorra sortu du hezkuntzako baliabide irekien mundu mailako bilduma gero eta handiagoak. Baliabide horiek hainbat gauza biltzen dituzte: lizentzia irekiak dituzten ikastaroetako materialak, eskoletako plangintzak, testu liburuak, jolasak, softwarea eta irakaskuntza eta ikaskuntza arloan lagungarri izan daitezkeen beste material batzuk. Horiek guztiek hezkuntzarako sarbidea errazagoa izatea eragiten dute, bereziki, ikaskuntzarako materialentzako dirua urria den lekuetan. Bilakaera bizkorra duten ezagutzaren gizarteek behar duten ikasketako, sormeneko, elkarren trukeko eta lankidetzako partaidetzan ere ekarpena egiten dute.
Hala ere, hezkuntza irekia ez dago mugatuta heziketako baliabide irekietara bakarrik. Lankidetzako ikaskuntza errazten duten teknologia irekietan ere oinarritzen da; malgua izanik eta hezitzaileei kideen ideia onenetatik etekina ateratzea ahalbidetzen dieten irakaskuntzako praktikak partekatuz. Ebaluazioan, ziurtagirian eta elkarlaneko ikaskuntzan ikuspegi berriak sartu arte haz daiteke. Horrelako berrikuntzak ulertzea eta hartzea ezinbestekoa da mugimendu hori epe luzera ikusteko.
Ikuspegi hori egiteko oztopo asko daude. Hezitzaile gehienek ez dute berririk zabalik dauden hezkuntza baliabide kopuru gero eta handiagoaren gainean. Gobernuko eta hezkuntza arloko erakunde askok ez du horren berri edo ez dago konbentzituta hezkuntza irekiak ekar ditzakeen onurekin. Baliabide irekietarako lizentzien eskemen arteko aldeek nahastea eta bateraezintasuna sortzen dute. Eta, noski, munduko gehiengoak oraindik ez du sarbiderik ordenagailuetara eta hezkuntza irekiko esfortzuen gehiengorako integralak diren sareetara.
Oztopo horiek elkarlanarekin bakarrik gaindi daitezke. Eta ikasle, hezitzaile, kapazitatzaile, egile, ikastetxe, fakultate, unibertsitate, editore, sindikatu, lanbide gremio, legegintzako langile, gobernu, fundazio eta gure ikuspegia partekatzen duten beste batzuk gonbidatzen ditugu hezkuntza irekiaren lorpenean eta sustapenean konpromisoa har dezaten eta, bereziki, hezkuntza baliabide irekien irismena eta eragina handiagotzeko hiru estrategia hauekin:
-
Hezitzaile eta ikasleak: lehenik eta behin hezitzaileak eta ikasleak animatu nahi ditugu modu aktiboan hezkuntza irekiaren mugimendu gero eta handiagoan parte har dezaten. Parte hartzeak hauek biltzen ditu: hezkuntza baliabide irekien sorrera, erabilera, egokitzapena eta hobekuntza; ezagutzaren sorrera, deskubrimendu eta lankidetzaren arloan eraikitako hezkuntzako praktikak hartzea; eta kide eta parekoak esku hartzera gonbidatzea. Baliabide ireki horien sorrera eta erabilera hezkuntzako zati gisa hartu behar dira eta dagokion moduan babestu eta ordaindu beharko lirateke.
-
Hezkuntza Baliabide Irekiak: bigarrenik, hezitzaile, egile eta erakundeei dei egiten diegu baliabideak modu irekian argitara ditzaten. Hezkuntzako baliabide ireki horiek lizentzia behar lukete edozein pertsonak erabili, berrikusi, itzuli, hobetu eta partekatu ahal izateko, modu idealean, lege arloko mugarik gabe, eskumen egoki baterako edo ondoriozko lanak partekatzeko sortzailearen eskakizun bat besterik behar izan gabe. Baliabideak erabilera nahiz edizioa erraztuko duten formatuetan argitaratu beharko lirateke, eta plataforma tekniko ugarietara egokitzeko moduan. Eta, ahal denean, ezintasun fisikoak dituztenentzat eskuragarri egon beharko lukete; baita Interneterako sarbiderik ez dutenentzat ere.
-
Hezkuntza Irekiaren Politikak: Hirugarrenik, eskoletako batzorde edo gobernuek, fakultate eta unibertsitateek hezkuntza irekietako politikak lehentasuntzat hartu beharko lituzkete. Modu idealean, zergadunen zergekin finantzatutako hezkuntza baliabide guztiek hezkuntza baliabide irekiak izan beharko lukete. Ziurtagiri prozesuek hezkuntza baliabide irekiei lehentasuna eman beharko liekete. Hezkuntza baliabideen zentroek bildumen baitan Hezkuntzaren baliabide irekiak modu aktiboan sartu eta nabarmendu beharko lituzkete.
Estrategia horiek egin behar dena baino askoz ere gehiago ordezkatzen dute. XXI. mendeko irakaskuntzan eta ikaskuntzan inbertsio adimentsua dira. Testu liburu garestien funtsak ikaskuntza hoberantz bideratzea ahalbidetuko luke. Irakasleei beren lanetan nabarmentzea ahalbidetuko diete eta aukera gehiago emango dizkiete ikuspegi eta mundu mailako eragin handiagoa lortzeko. Irakaskuntzaren berrikuntza bizkortuko dute. Ikasleei ikaskuntzaren gaineko kontrol handiagoa emango diete. Estrategia horiek edonorentzat dira zentzuzkoak.
Milaka hezitzaile, ikasle, egile, administratzaile eta legelari daude sartuta hezkuntza irekiko ekimenetan. Munduko bazter guztietan milioika hezitzaile eta erakunde, aberats nahiz txiro, barneratzeko mugimendu hori hazten laguntzeko aukera dugu. Legelarietaraino iristeko aukera dugu, ditugun aukerak gauzatzeko taldean lan eginez. Irekiak bezain finantza arlotik mantentzeko modukoak diren negozio berritzaileen ereduak garatzen ari diren enpresaburuak eta argitaletxeak parte hartzaile egiteko aukera dugu. Hezkuntzako eduki irekiekin lotura duten ikasleen belaunaldi berria elikatzeko aukera dugu; ikasle horiek duten ikaskuntzari esker, gainerakoekin intuizioa eta ezagutza berria partekatzeko gaituta daude. Eta garrantzitsuena: mundu zabalean ehunka milioi pertsonaren bizitza goitik behera hobetzeko aukera dugu, modu librean eskuragarri dauden, kalitate handikoak diren eta tokian garrantzitsuak diren hezkuntza aukeren bidez.
Guk, sinatzaileok, banako eta erakunde guztiak gonbidatu nahi ditugu Hezkuntza Irekirako Lurmutur Hiriko Aitorpenean bil daitezen, aurrez aipatutako hiru estrategiak burutzeko konpromisoa har dezaten. Horrez gain, sinatzen duten guztiak bultzatu nahi ditugu teknologia irekiaren eremuan ahaleginak sustatzeko eta finkatzeko ondorengo estrategiak garatu eta bete ditzaten, eta ikaskuntzako praktikak eta hezkuntza irekiaren erabilera zabalagoa sustatuko duten beste ikuspegi batzuk modu askean elkartruka ditzaten. Konpromisoa hartzen duen pertsona edo erakunde bakoitzarekin (eta ikuspegi hori artikulatzeko ondorengo esfortzu bakoitzarekin), are gehiago gerturatuko gara guztiontzat hezkuntzaren mundu irekiago, hezkuntza malgu eta eragingarriagora.
2007ko irailaren 15ean
Lurmutur Hiria, Hego Afrika